(Por Jaione y Peti)
POSETS LAS ESPADAS-EKO BIDETIK ETA DIENTE LLARDANA
Data: 2015eko ekainak 20-21
Ibilbidearen hasiera: Puen d’Espigantosa (1500m.). Parking-era iristeko, Eriste herritik Angel Orús aterpera ateratzen den pista hartu.
Erabilitako materiala: kaskoa eta kranpoiak. Soka eraman genuen badaezpada, baina ez genuen erabili.
Zailtasuna: PDtik ez da pasatzen. II eta III graduko igarobide batzuk daude, oin eta eskuentzako helduleko onekin.
6:45h. Hasteko, Angel Orús aterpera doan PRa hartu genuen. Behin aterpean (2115m.), GR11.2 hartu genuen, Viadoserako norantzan.
10.15h. Ibon de Llardaneta (2650m.). Bertan, GR11.2 utzi eta Diente Royorantz abiatu ginen zuzenean, Eristeko lepora iritsi gabe. Eristeko lepotik gandorra hasteko aukera ere badago, baina igoera zailagoa da (PD+) eta oso apurtua omen dago.
(Ibon Llardaneta)(Camino Ibon Llardaneta)
11.30 h.: Diente Royo gailurrera iritsi ginen (3010 m.). Tontorretik gandorraren bista paregabeak aurkitu genituen.
(Cresta)
12.20h.: Gandorra jarraituz Pavots eskuratu genuen, eguneko bigarren tontorra (3124m.). Pavots eta Espadas artean helduleku onak dituen horma gainditu behar da (II+/III).
13.00h. Pavots eta Las Espadasen arteko lepoan atsedena hartu genuen, gure hurrengo tontorrei begira.
14.20h.: Las Espadas gailurren artean (3322m., 3325m.) elurra topatu eta kranpoiak jantzi genituen.
Posets gero eta hurbilago azaltzen zitzaigun…
Las Espadas eta Tuca de Llardaneta artean, arnasa eusteko momentua: "funanbulistaren pasabidea", eta elurtuta gainera. Argazkiak pasabidea igaro arte ez genituen egin...
(funambulista)Arnasa hartuta, "funanbulista" osteko horma azkar pasatu genuen!
(muro salida funambulista)
Hurrengo tontorrak, Tuca de Llardaneta (3311) eta Tuqueta Roya (3273). Handik Jean Arlaud lepora iritsi eta Posetserako azken aldapa hartu genuen. Nahiz eta elurtuta egon, kranpoiak ez genituen jantzi.
16.00h.: Azkenik, Posets eskuratu genuen (3375m.), gandorraren amaiera. Atzera begiratzea zoragarria izan zen.
(posets)
17.15h. Posets ohiko bidetik jeitsi genuen, Collado del Diente-raino (3030m.). Hortxe, gure hotela! Arratsalde eta iluntze lasai batez gozatu eta gero… EgunOFF!
(vivac)
Egunsentiaz disfrutatuz eta inolako presarik gabe hasi genuen bigarrengo eguna.
9.00h: Diente de Llardanarantz abiatu ginen. Urrutitik zaila dirudien arren, hurbiltzerakoan igotzeko erosoa den diagonala aurkitzen da, lepotik ezkerraldera irtetzen dena (PD).
(diagonal diente llardana)9:20: Diente de Llardana-ko tontorretik aurreko eguneko ibilbidea birpasatu genuen.
(diente llardana)
Mendi ederra eta eskuragarria, ez izutu itxurarekin!
(Collado Llardana)
Posetserako ohiko bidea jarraitu genuen beheranzkoan, 300 metroko desnibela kulitrineoan, gainontzekoa oinez eta praka motzetan.
13.10h: Ibaian freskatu eta gero, parkingera iritsi ginen, nekatuta baina irrifartsu. Asteburu bikaina benetan!