Berria.info
Emakumeak ere mendien babesean
Mendiko kiroletan, goren-gorenean aritu dira Euskal Herriko
emakumeak. Oihana Kortazar, Edurne Pasaban eta Josune Bereziartu dira
horren adibide.
Uurte asko eman dituzte Euskal Herriko emakumeek euren ametsak eta
nahiak bete ezin. Etxearen eta familiaren zaintza izaten ziren ardura
nagusia; aisia eta kirola, ez zeuden emakumeen esku. Gaur egun egoera
bestelakoa da, eta Euskal Herriko emakumeak mendiko hainbat
jardueratan, esaterako, punta puntako kirolari dira. Mendiaren
inguruko jarduera edo kiroletan, oraindik ere, gizonezkoak izaten
dira gehien parte hartzen dutenak; hala ere, emakumeak gero eta leku
gehiago hartzen ari dira jarduera horietan, eta parte hartzen duten
emakumeak nabarmen gehitu da aspaldiko urteetan.
XX. mende
hasieran hasi ziren Euskal Herriko mendi elkarteak emakumeei eskubide
guztiekin bazkide izateko aukera eskaintzen. Bizkaiko hiriburuko
Bilbao Alpine Club izan zen erabaki hori hartzen aurrenetako bat,
1924an. Ondoren, Eibarko Kirol Elkarteak eta Donostiako Fortuna Kirol
Elkarteak jarraitu zuten ildo beretik, 1933an eta 1935ean, hurrenez
hurren.
Euskal Herriko mendi elkarteetan emakumeek merezi
zuten tokia hartzen zuten, baina, Europako Alpeetako herrialdeetan
elkarteek ez zuten inolako mugimendurik egin. 1858an Londresen
sorturiko Alpin Club historikoak 1974. urtera arte ez zituen
emakumeak bazkide modura onartu; antzeko kasua da Suitzako Club Alpin
Suisserena; 1979. urtera arte ez zuen bazkide emakumerik
onartu.
Hala ere, eta hainbat urte lehenago, emakume bat
gainontzekoei aurrea hartu, eta bere pasioa eta afizioa aurrera
eraman zituen: 1915. eta 1920. urteen artean, hainbat irtenaldi egin
zituen Pilar Larrañaga tolosarrak Pirinioetara, bere senarrarekin
batera. Garai haietan, Larrañaga Balaitous (3.144 m) mendiaren
gailurrera heldu zela esaten da; horrela izanik, Larrañaga izango
litzateke Euskal Herrian 3.000 metrotik gorako mendi bat igotzen
aurrenekoa.
Ordutik 30 urte eskasera, 1959an, Euskal Herriko
Goi Mendi Taldea sortu zen, Eibarren. Hamazazpi lagunek osatu zuten,
horien artean, emakume batek, Loli Lopez Goñik alegia. Santa
Barbaran, Eginon eta Amezketan lehen pausoak eman ostean, Mont Blanc
(4.810 m) eta Cervino (4.478 m) igo zituen 1958an, Euskal Herriko
emakume mendizaleen muga urrunago eramanez.
2010ean, Lopez
Goñik berak bere izena duen Euskal Mendi Federazioko emakume
alpinistaren saria eman zion Edurne Pasabani, zeina gaur egun goi
mendiko zaletasunaren euskal adierazle nagusia den. Alpinista
tolosarrak goren-gorenera eraman du emakumeen goi mendiko zaletasuna.
14 zortzimilakoak igotzen historiako lehen emakumea bihurtu zen
2010eko maiatzaren 17an, Shisha Pangmako (8.027 m) gailurrera iritsi
zenean. «Nire bizitzaren zati handi bat izan da alpinismoa, eta,
zehatzago, 14 zortzimilakoak igotzeko
abentura. Emakume izateak ez dut uste eragin didanik, hein handi
batean behintzat; hala ere, beti entzun behar izan ditut gutxiesten
nauten komentarioak», adierazi du Pasabanek. Horiei muzin egin eta
aurrera jarraitzea da Pasabanek erabilitako taktika. «Emakume
izanagatik gehiago demostratu behar izan dut zenbaitzuetan, baina ez
askotan. Zerbait lortu nahi duenak berdin-berdin erakutsi behar du
egiteko gai dela, gizonezkoa edo emakumezkoa izan», esan du
mendizale tolosarrak. Bederatzi urtez eskaini zituen Pasabanek bere
indar guztiak 14 zortzimilakoak igotzeko helburua lortzeko. Lehena,
Everest (8.848 m) izan zen, 2001eko maiatzean. Ordutik, urtez urte
joan zen Himalayako gailur garaienetako bat konkistatzen,
hamalauetara igo arte. «Hasiera batean, babesle eta diru laguntzak
lortzeko emakume izateak nolabait baldintzatu ninduela esan dezaket,
baina, azkenean, babesleek alpinistan sinistu behar dute, eta aurrera
eramango duen abenturan», azaldu du.
Mendian ez da soilik
alpinismoa praktikatzen, ordea. Pasaban izan da euskal
goi-mendizaletasunaren adierazle nagusia, eta Josune Bereziartuk,
berriz, antzeko papera izan du kirol eskaladan. Urte asko pasatu ditu
zailtasunaren erreferentzia izaten. Lorpen handiena 2002an erdietsi
zuen, emakumeen zailtasun maila bederatzigarren dimentsiora eramanez.
«9a zailtasuneko Baing de Sang bidea eskalatzea lortu
nuenean, bai gizon eta bai emakumeentzat zailtasun horretara iristeko
aukerak zeudela erakusteko adibide izan nintzela esango nuke», esan
du Lazkaoko eskalatzaileak.
Kirol eskalada gaztea dela esan
daiteke, eta, horregatik, nahiko kontzientzia errotua izan du emakume
eta gizonezkoen parekotasunean. «Kirol eskalada modernoa eta nahiko
liberala dela esango nuke. Nirekin eskalatu duten gizon eta emakumeak
talde izan gara beti, eskalatzaileen taldea, ez eskalatzaile emakume
eta eskalatzaile gizonezkoz osaturiko taldea», argitu du
Bereziartuk. Gaur egun, emakumeen eta gizonezkoen artean dagoen
zailtasun mailaren desberdintasuna, pertsona karismadun baten faltari
egozten dio Lazkaokoak. «Nire garaian gizonezkoek Wolfang Gullich
erreferentzia zuten bezala, emakumezkook Catherine Destivelle edo
Lynn Hill geneuzkan; gaur egun, horrelako pertsona baten falta
sumatzen dut», adierazi du.
2002an erdietsitako lorpenari
beste koska bat gehitu zion 2005eko udaberrian, Bimbaluna
bidea eginez, 9a/+ zailtasunekoa. Bereziartu, hala ere, beste
eskalada mota batzuetan ere jardun izan du; hala, 2004an Yeah Man
bidearen lehen igoera egitea lortu zuen, Rikardo Otegirekin batera,
Alpeetako Gastlos mendizerran, 300 metroko garaiera eta 8b+
zailtasuna duen hormatzarra. «Emakume izateagatik ez dago oztoporik
eskaladan, norberak bere buruari jartzen dizkionak izaten dira
gehienbat», esan du .
Alpinismoa eta eskalada baino gazteagoa
den mendiko beste modalitate bat mendi lasterketak dira. Horretan ere
Euskal Herriko emakumeak goren-gorenera iritsi dira; adibide argiena,
Oihana Kortazar da, Elgetako korrikalaria. Skyrunning World
Series-etako txapeldun izan zen 2011n, haurdunaldia izan zuenetik
urtebetera. «Nire kirol ibilbidean emakume izateak nolabait
baldintzatu banau, amatasunagatik izan da. Kirol arloan berdintasuna
nagusi da mendi lasterketatan; ez dut inoiz emakume izateagatik
gutxietsita sentiarazi ziezadakeen egoerarik bizi izan», azaldu du
Kortazarrek. Emakumeen parte hartzea gora doa lasterketen munduan
ere, eta sailkapen nagusietan geroz eta emakume gehiago aurki
daitezke goiko postuetan. «Gizonezkoen kopuruarekin alderatuta,
nabarmen gutxiago gara oraindik ere, baina gero eta emakume gehiago
gara, eta mailak ere nabarmen egin du gora azken urteetan», azaldu
du korrikalariak.
Neskalatzaileak eta Marimendi elkartea, parekotasunaren bila
Marimendikoek alpinismora bideratzen dituzte ekintzak;
Neskalatzaileek, berriz, kirol eskaladara
O. Iribarren
(Nahia - neskalatzaile txikia, orientazioa ikasten)
Mendian eta mendiak inguratzen dituen jardueretan gizonen eta
emakumeen arteko parekotasuna lortzen saiatzen dira Marimendi eta
Neskalatzaileak elkarteak. Urteak daramatzate parekotasunaren
aldarria egiten hainbat jardueraren bitartez. Marimendikoek
alpinismora bideratutako ekintzak egiten dituzte, eta Neskalatzaileak
taldekoek, berriz, eskalada eta orientazioa lantzen dituzte batik
bat.
2005ean sortu zen Marimendi elkartea, eta gaur egun 35
kide inguruk osatzen dute; guztiak euskaldunak, 40 urtetik gorakoak
eta mendizaleak. «Alpeetan geundela, gizonen eta emakumeen arteko
desproportzioaz jabetu ginen, eta horren inguruan zerbait egiteko
beharra nabaritu genuen», adierazi du Marian Arinek, Marimendi
elkarteko kideak. Euskal Herriko mendietan gizon-emakume proportzioa
dezente mantentzen da; Pirinioetan, berriz, kopuruak aldentzen hasten
ditela uste dute; Alpeetan, zeresanik ez.
Mont Blancera eta
Elbrus Europako mendi garaienera egindako igoerak dira, orain arte,
elkarteak egindako jarduera aipagarrienak.
Neskalatzaileak
elkarteak, berriz, «ilusioz mendiaz gozatzen duten emakume aske
guztiak» bildu nahi ditu. Ingurukoak elkartzeko asmoz sortu zuten
elkarteak uste baino oihartzun handiagoa izan du, ordea; Sevillako
eta Zaragozako (Espainia) bazkideak izateraino. «Asmoa dena delakoa
ere, emakume mendizale guztiak animatzen ditugu biziko ditugun
esperientziez gozatzera», adierazi du Idoia Rubial elkarteko kideak.