Izakun Agirre. 2023ko Martxoa.
Abiapuntua:
Bai, dena ondo joan da. Bai, banoa Jordaniara.
“Bai”, hitz magikoa da. Ordu gutxiren buruan, urruneko lurretara hegan egingo dudala iragartzen duen hitz-gakoa. Prestaketa azkar baten espirala martxan jarri duen elea. Begi kliska batean sokaren etorbidean barrena amesteko aukera emango didan berba.
Martxan jartzen naiz. Ez dago astirik gehiegi pentsatzeko. Soka-lagun izango direnak (Borja, Txiki eta Tom ) abisatu, Jordan pass delakoa atera, bidai-asegurua kudeatu eta katu-oinak, arnesa, magnesera, eskalatzeko kasko berria, lo zakua, arropa eta jatekoa motxilan sartzen ditut. Eskorpioien ziztaden kontrako antidotorik ez dut sartzen barnean. Esperoan izango ditudan pitzadura perfektuak, diedroak eta antzeko formazioetan eskua beldur gabe inpotratzeko eskularruak ere ez. Esparatrapu eta esku-krema birsortzailea erostea ere ahaztu dut.
“Lasai, Izas, hemen gamelu-azalarekin prestatutako eskularruak egingo ditugu zuretzat”, esaten didate iada Wadi Rumen esperoan ditudan lagunak. Zoragarri!!! Arrokaren harramazkadetaz gain, artisau-eskularru horiek edozein hozkada pozoitsuetatik babestuko naute!! Gooo!!
Horrela abiatzen naiz Jordaniara.
Lurperatzea:
Ammaneko aireportua zapaldu bezain laster, bidaian zehar nire inspirazio iturri bihurtuko diren etorri handiko bi neska ezagutzen ditut, Idoia eta Maite. Beraiek izan dira, nire bizipenak hitzez erretratatzeko bultzatzaileak. Blog honetan Wadi Rumeko lurperatze eta aireratzeak hitzez islatzeko abiarazle.
“Hitza”, beste hitz magikoa da. Hitza, iraultza egiteko modua bait da. Sutondoan bada, hobe.
Ammanetik Wadi Rumera bidean, ordea, isiltasuna dugu lagun. Nekatuta gaude eta oraindik konfiantza falta somatzen dugu. Ia 5 orduko bidaiaren ostean, goizeko 4.30ak pasatxo Wadi Rumera elkarrekin heltzen gara. Koloretako olanez egindako karpan zeozer deskantsatu eta hurrengo goizean……guauuuu!!! Basamortu gorrian irmo ageri diren 400 metro baino gehiagoko hareharrizko hormek txundituta uzten gaituzte hasierako momentutik. Berehala konturatzen gara arroka hauek altxor harrigarriak ezkutatzen dituztela amildegi moduan, bide bakoitzaren hurbilketa eta jeitsierak ibilbide miresgarriak bilakatuz.
Eskalatzera etorri gara, hori izan da bidaiaren lehen aburua. Beraz, oraindik Wadi Rumeko kaleetatik galtzeko tartea hartu gabe, goizeko 12tarako Jebel Rumeko paretetan zintzilik gaude. Ez dugu minutu bat bera ere galdu nahi. Urak eta haizeak marraztutako fisura, diedro eta forma berezien zurrunbiloan arrastaka ibili nahi dugu etengabean. Eta horixe da egiten duguna.
6 egunetako eskalada jarraituaren ostean, hauek dira gozatu ditugun bideak:
- Walk like an Egyptian, V+ 100 m (Jebel Rum)
- The Pilar of Wisdom, 6b 350 m (Jebel Rum)
- Salim, V+ 100 m (Abu Maileh Tawer)
- The Beauty, 6b 185 m (Rakabat Canyon)
- Merlins Wand, 6a+ 150 m (Barah Canyon)
- Le bal del Chameaux, V 100 m (Arch Tower)
Baina eskalada bidaiaren zati bat baino ez da izan, familia beduinoen izaera abegitsuek guztiz konkistatu bait gaituzte. Beraien etxeetan Jordaniako alderik gozoena ezagutu dugu. Bertan, almibarrez bustitako momentu politak bizi izan ditugu. Sutondoan goxotasunez zerbitzatutako te beltzek solasaldietarako aukera eman digute eta izartutako basamortuko zerupean gaua pasatzean, beste behin, sutzarrak berotasunean elkartu gaitu.
Walk like an egiptian
Jebel Rum (1734 m) eta bere pareta malkartsu eta, aldi berean, liluragarriak izan dira esnatzean ikusi dugun lehen paisaia. Gehiegi pentsatu gabe harutza goaz, ekialdeko sektorera, alegia. Bertan, Jebel Rum-eko eskalada “motzak” daude, eskalatzaile askorentzat bezala, lehen egunerako aproposenak.
Egun beroetan aukera bikaina da, izan ere, arratsaldetan itzalak jotzen du eta horixe da behar duguna, poliki-poliki Jordaniako klimara egokitzen hasteko. 20 minutuko hurbilketa eroso eta azkar baten ostean, pitzaduraren hasieran materiala prestatzen dugu.
Poztasunak zer eskalatuko dugun ere jakin gabe bertara eramaten nau. Itsu-itsuan helduko diot bidaiaren lehen eskalada bideari. Bidearen izena ere ez dakit. Baina zoriontsu sentitzen naiz. Eta emozio horrek goraino eramaten nau, aukeratutako bidearen 3 luzeak askatasunez menperatuz. Ostean, kiribilaren kiribila pareko Inferno izeneko bidearen 6a luzearekin amaitzea izan da.
1. Luzea: 5a/25 m: bidea arrakala zuzen eta zabalean hasten da, zenbait ezkata huts eta hareatsuekin. Lehenengo bilera terraza zabalean dago.
2. Luzea: 5a/30 m: eskalada-lerroak tximiniatik jarraitzen du. Ondoren, bertatik atera eta ezkerrerantz egiten du. Bilera erlaitz erosoan egiten da.
3. Luzea: 5a/45 m: kroquisetan agertzen diren azken bi luzeak batera egiten ditugu. Hasieran arrakala motz baina polita; jarraian harri zabalean doan zeharbide erraza, oin erosoekin.
4. Luzea: 6a/50 m: hirugarren bileraren ostean Inferno-ko azken luzeari heltzen diogu. Bileran, Flight of fancy diedro ikusgarria egin duten gure lagunekin (Maite eta Idoiarekin) elkartzen gara.
Jeisteko Inferno-ko bidetik bi rapel egiten ditugu.
Amaiera eta eskalatatuko arrakala bezain irribarre zabala.
Orain badakit nola deitzen den egindako bidea: Walk like an egiptian. Izen guztiz logikoa, izan ere, egipziarrek egiten zituzten irudien antzera, aurpegia profilez eta gorputza aurrez-aurrez ibili gara arrokan gora ezkerrerantzako norabidean oreka mantendu nahian.
Baina, ziurrenez, bidearen izena garai hartako The Bangles taldearen abestian du jatorria.
“Slide your feet up the ROCK , bend your back
Shift your arm, then you pull it back
Life is hard, you know
So strike a pose on THE WALLS OF JEBEL RUM”
Eskerrik asko:
Atayek Ahmad al Zalabah - Bedouein Guide for tourists
+962 77 993 4985
Desert_Guide@yahoo.com
Facebook; atayek.alzalabeh
BedouinFamilyCamp.com -- Wadi Rum Desert - Jordan
Izaskun!! Ze modu berezian kontatzen duzun bertan bizitakoa. Asko pozten naiz zu han ezagutzeaz eta elkarrekin Wadi rum bizitzeaz. Errepikatuko dugu?
ResponderEliminarEskerrik asko!!! ;-)) Prest errepikatzeko!!!
Eliminar